dc.description.abstract | Urte asko dira irakasleen prestakuntzan ari garela, hasierako zein
etengabeko prestakuntzan, bai eta, gure ikerketetan oinarrituta,
ikastetxeei aholkularitza ematen ere. Horrek eraman gaitu, arian-arian,
elkarren arteko harremanak hurbiltzera, eskoletako behar eta ametsak
gure sentitzera, finean, eskolaren eta unibertsitatearen arteko elkarlana
sustatzera. Izan ere, tradizioan, zenbait begiradatik, elkarrengandik
urruti ikusi izan dira eskolaren eta unibertsitatearen interesak, estiloak,
beharrak eta izaerak. Alde batean egon da akademia eta ikerketa
akademikoa, eta beste aldean egon da errealitatea, praxia. Guk beste
modu bateko harremana eta elkarlana ikusten ditugu. “Teoria eta
praktikaren” arteko amildegia murriztu eta gure proposamena izan ohi
da elkarrekin lan egin eta elkarrengandik ikastea, eskolako irakasleekin
konplizitatea lantzea, elkarrekin aberastea ikaskuntza eta irakaskuntza
prozesuak, eta elkarrekin ezagutza pedagogiko eta didaktiko berria
sortzea. Horretarako, jakina, elkarri aitortu behar diogu bakoitzak duen
ezagutza eta erantzukizuna. Eta horrek eskatzen du, aldi berean, hori
gerta dadin giroa lantzea eta zaintzea. Azken batean, etorkizuneko
gizartea aldakorra eta ezegonkorra izango da, eta gizarte aldakor
horretara egokitzen lagunduko digun hezkuntza behar dugu, hortaz,
biziko garen gizartean begirada kontziente eta kritikoz moldatzeko
gai diren pertsonak trebatu nahi ditugu, espiritu kooperatibo batekin
eta modu kolektiboan lan egingo dutenak. Hezkuntza (komunitatea,
gizartea) eraldatu nahi badugu, bada, eskola eta unibertsitatearen arteko
elkarlana funtsezkoa izango da.
Lan honek Mondragon Unibertsitateko MIKER ikerketa-taldeak azken 15
urteetan izandako esperientziatik eraikitako markoa jasotzen du. Tarte
horretan ehundik gora ikastetxe eta erakunderekin jardun da lanean,
hizkuntzen ikaskuntza eta irakaskuntzaren gaia ardatz hartuta. Lan
horien bidez, taldeak prestakuntza-eredu bat sortu du, liburu honetan
aurkezten dena. | eus |